San Fermín eta Nafarroako Martirioa (2004)

http://www.berria.info

07/07/2004

F.J. Ventura San Juan

Fermini latindar inperiora ez makurtzeagatik egin zioten segizioa, eta gauza bera gertatu zitzaion Nafarroa kristauari Erroman egoitza zuen elizaren inperioaren estandarte ziren etsai sutsuen aurrean ez makurtzeagatik. Santua Erromako Valerio prefektuak espetxeratu zuen lehen aldiz, eta gure Nafarroa Alfontso VII.a enperadoreak inbaditu eta arpilatu zuen lehendabizi.

Martirioa biei ailegatu zitzaien maltzurki. Batari espetxeko itzalean, Estatuko Jainkoen jainkotasuna ukatzeagatik; besteari, berriz, Inperioko Bikarioen gezurren mende egon behar izan zuelako. Fermini burua moztu zioten, eta Nafarroa bere bidezko dinastiatik eta seigarren merindadetik banandu zuten ezpatakada batez. Bien arrastoak ikus daitezke barreiatuta, erlikia bihurtuta, eta, Bernardo Rojas Sandoval gotzainari esker, bien onomastikak bat datoz 1591ko uztailaren 7az geroztik.

Baina Ferminen kasuan bazen beste gauza larri bat: Amienstik (Samarobriga) Zerura bidali zuten irailaren 25 batean zituen bertute guztiak aitortzeko, horrelaxe agindu baitzion pocico-an San Saturninok. Nafarroari, 1515eko uztailaren 7an, Gaztelako purgatoriora (infernura ez esatearren) batzeko agindu zioten Burgosko Casa del Cordonetik, eta hori guztia Uñas Largas bilauaren ustezko konkista eskubide ukatuetan oinarrituta egin zen. Nafarroako Erreinuaren konkista eta transferentzia Gaztelako Koroara aitasantutzaren aldizkako agintean oinarrituta.

Thomas Hobbesek guztiz bidegabe eta hutsaltzat jo zuen hori 1651n ikuspegi erlijioso eta juridiko-politikotik. Denetan bitxiena, edo larriena nire ustez, hau da: gure Erreinua Gaztelara batu zeneko urteurrena ospatzen dugula, gure Santuaren jaiak egiteko aitzakian. Azaldu duguna aipatu dugun gotzainak eragin zuen; hala azaltzen dute bederen: «Ganaduaren eta klimaren arrazoiak zirela medio, eta gehiengoak hala eskatuta, urritik uztailera aldatu omen zituen jaiak, aurrez bi aldiz bildu zen Sinodoak eskatu zuen bezalaxe. Uztaileko lehenengo egunak aukeratzea lehenetsi zutenez, 7a aukeratu zuten, urte hartan igandea egokitzen zena, Mendekoste ondorengo bosgarren igandea».

Atentzioa ematen du gaurko ikuspuntutik hori garai hartan iseka modura ez hartzeak eta kexarik ez izateak; halere, argi dago oso zaila zela protestak egitea; izan ere, iruindarrek berek eskatu zuten ospakizuna udara aldatzea. Bestalde, ezin ahaztu dezakegu 75 urte igaroak zirela jada, eta orduko bizi-esperantza kontuan hartuta, ziurtatu liteke ez zegoela jada anexioaren gertaera deitoragarria oroituko zuen garaikiderik. Garaiko inkisizioaren jardun suhar eta torturatzailea, Gaztelaren oparia hori ere, ez zen oso lagungarria izango gotzainaren erabakia auzitan jartzeko, eta are gutxiago oraindik Santu patroiaren ospakizuna eztabaidatzeko. Kontua hau da: Amaneo Albret Labrit gotzain nafar leiala, baita kardinala ere, 1520an hil zenetik, eta enperadoreak zorigaiztoko Juan Rena izendatu zuenetik, gaztelarrek jarraitu egin zuten gotzainen egoitza kolonizatzeko bitarteko modura erabiltzen, baita espioitzarako ere, AGNen Juan Renaren paperak argi eta garbi ikus daitekeen bezala. Bernardo Rojas Sandoval izan zen horietako bat, gotzain izan arren eragile politiko hutsa zen Gaztelaren zerbitzura.

Deniako Markesa (Fernando II.ak ohore asko emandako familia) familiakoa zen bera, eta familia horretako titularra eta iloba zen Filipe III.aren gizon makurra, zeina gero Lermako Duke izendatuko zuten; kardinal horri egiten dio erreferentzia garaiko kopla honek: «Urkatuta ez hiltzearren, Espainiako lapurrik handiena kolorez jantzi zen». Deigarria da Bernardo bere artzapezpikutzan azkenaldera, eta baita kardinaltzan ere, Bernardo Sandoval Rojas modura agertzea, abizenen hurrenkera aldatuta alegia; iruditzen zait Lermako Dukearekin zuen lotura azpimarratu nahi zuela, Francisco Gomez Sandoval Rojas hain justu.

Ez dakit zenbateraino duen zerikusirik kontu honekin 1643an Diputazioak emandako bandoak. Bando horretan, Xabierko San Frantzisko aldarrikatu zuten Nafarroako patroi bakar; Udala, Udalbatza eta Kuriako zatia haserretu egin ziren, eta liskar eta bitartekotzen ostean, Alexandro VII.ak zigortu zuen azkenean 1657an bien kopatronatua Nafarroako Gorteek 1622an hartutako Hiru Estatuen akordioari kontra eginda.

Gaizki-pentsatua naizela leporatuko didate batzuek, eta horrelako kointzidentziak historian halabehar hutsez gertatzen direla esango didate beste batzuek, eta nik ez diet kontra egingo, baina argi dago Elizak izan zuen portaera txarra Nafarroako Erreinuaren kontra eta Gaztelako konkistadore zitalaren alde. Beraz, hori da nire zalantza, eta informazio zehatzagorik ez dudanez, biziki eskertuko nioke ekarriren bat egin lezakeen edozeini. Horiek horrela, eta sanferminetarako nire zaletasunak erabatekoa izaten jarraituko duen arren, uko egingo diot uztailaren 7an edozein ospakizun egiteari. Halaber, jakin beharra daukat ea Iruñeko Sandoval kalea Gaztelako Kantzelari horren omenetan egina den, hala balitz, erreferentzia gisa ere ez erabiltzeko. (Izan ere, Frai Prudencio Sandoval Iruñeko gotzain ere izan zen 1612an, eta, bitxia bada ere, bazuen loturarik Lermakoarekin, eta nahiz eta boteretsuen gaineko bere biografia laudagarriak mundu guztiari barrea eragin, bera gutxienez ez zen izan aipatu dudan iseka horren arduraduna).

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s